EAThink proiektua. Elikadura burujabetza – MATERIAL DIDAKTIKOA
Azken bi urteetan EAThink2015 proiektuaren baitan garatu den material didaktikoa hemen deskargatzeko aukera dago.
“EAThink: bertokoa jan, mundua buruan” Europar Batasunak lagundutako proiektu bat da eta Europako 12 herrialdetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleen artean giza garapen global jasangarriaren arloan jarrera kritikoa eta konpromiso aktiboa sustatu nahi du, bereziki, gaur egungo elikadura ereduak sortzen dituen interdependentziei, janaria ekoizteko sistema jasangarriei eta maila txikiko nekazaritzari arreta jarriz, betiere, hezkuntza curriculumarekin bat eginez.
Material sorta hau hiru liburuxkatan banatuta dago:
I liburuxka: ikas-unitateak. Euskal Herrian eta Europako beste herrialdetan irakasle eta adituek garatutako hamaika ikas-unitatez osatua dago liburuxka hau: elikadurari loturiko hainbat eta hainbat gai lantzeko irakasleei zuzenduriko materiala, 7 urtetik 16 urte arteko ikasleekin lantzeko.
II liburuxka: tailerrak. EAThink proiektuaren baitan ikastetxeetan gauzatu diren «bertokoa jan, mundua buruan» tailerretan oinarriturik, hauek gauzatzeko material guztia elkartzen du liburuxka honek: dinamikak, inprimakiak, informazio gehigarria… LH eta BHko ikasleekin elikaduraren interdependentzia globalak eta alternatiba iraunkorrak lantzeko gidaliburua.
III. liburuxka: eskola-baratzea. Bizi Baratzea proiektuarekin batera bideratutako lankidetzari esker argitaratu da liburuxka hau. Bertan, eskola baratzeak landu nahi dituzten ikastetxeei hainbat aholku, gidalerro eta proposamen luzatzen zaizkie, betiere ikasturteko egutegiari loturikoak. Trikimailuz jositako proposamen aparta!